Askotan, gure bizitzak eta hauetan sartzen eta ateratzen diren pertsonak metaforen bidez adieraziak izaten dira; bizitza tren baten modukoa dela, etengabe aurrera doana eta gelditzen ez dena; gure inguruko pertsonak izarrak bezalakoak direla, nahiz eta beti ez ikusi hantxe daudenak... Ni metafora berri bat asmatzen ausartuko naiz: zuhaitzak, eta bereziki hostoak.
Jakin badakigu, zuhaitzen inguruan egiten diren sailkapenen artean hosto erorkorrak eta iraunkorrak bereizten dituena dagoela. Honi zentzua emanez, gure bizitzatik bi motatako pertsonak pasatzen direla esan daiteke: gurekin etapa bat bizitzen dutenak, baina momentu zehatz batean alde egiten dutenak, hosto erorkorrak liratekeenak; eta aldiz, bizitza osoan, edo honetako parte handi bat, gure alboan egoten direnak, hosto iraunkorrak.
Gure bizitzetatik hosto erorkor ugari pasatzen dira, baina gutxi batzuek lortzen dute hosto iraunkor izaten. Azken hauek bereiztea nahiko erraza izaten da; nahikoa da begietara begiratzearekin, eta zelan begiratzen gaituen ikustearekin. Begiak, hain adierazgarriak diren atal horiek, gezurrik esatea ezinezkoa duten horiek.
Hosto iraunkorrek edozer gauza egingo lukete gugatik; gure zoriontasuna desiratzen dute beste edozer gauzaren gainetik. Triste gaudenean irribarre bat ateratzen saiatuko dira, hori lortzeko behar dutena axolarik izan gabe, eta irribarre hori amaigabea izan dadin euren esfortsurik handiena egingo dute. Hosto iraunkorrentzat lehenengoko ardura izango gara, eta gure presentzia hutsak beteko ditu euren bihotzak. Behar ditugunean laguntzeko prest agertuko dira, baina behar ez ditugunean ere gure alboan egongo dira. Hosto iraunkorren besarkada batek lasaitasuna transmitituko digu, eta arazorik ez dela existitzen sentiaraziko digu. Hosto iraunkorrak gure bizitzaren parte bihurtuko dira, bizitza den puzzlearen pieza beharrezkoak, hots.
Nik neuk ere nire bizitzan zenbait hosto iraunkor ditudala badakit, baina denbora pasatu ahala zuhaitz berriekin ari naiz topo egiten, eta nire hosto bilduman egotea nahiko nukeen hosto berriak agertzen ari zaizkit.
*Izan zaitez nire hosto iraunkorretako bat...