lunes, 27 de agosto de 2012

Lortzeke

Harrotasuna, kontzentrazioa, gogoak, konfiantza, ilusioa... beharrezko eta ezinbestekoak diren ezaugarriak hastear dagoen etapa berri honetarako. Talde berria, lehia garrantzitsuagoa eta egoera ezberdina. Dena prest balio dudana erakusteko.

Helmugara iristea ez da gauza erraza izaten, baina ezinezkoa ere ez. Lehiakortasuna, norberaren burua hobetzeko nahia; helburuak lortzeko lagungarriak direnak, zorionez nireak ditut.

Futbola kirol fisikoa da, baina baita psikologikoa ere. Urteak pasatu ahala konturatu naiz zeinen garrantzitsua den burua kirol honetan. Bizitzako momentu bakoitzean bizi dugun egoerak eragina du jokatzeko orduan, horregatik da hain garrantzitsua bizitza pertsonala zelaitik kanpo aldentzea. 

Hala ere, oso zaila da zerbait lortzea inoren laguntzarik gabe; horregatik, eskerrik asko hasi baino lehen taldetik kanpo eta barrutik jaso ditudan indarrengatik. Horiek gabe ezingo nuke lortu!

jueves, 24 de mayo de 2012

Hostoak

Askotan, gure bizitzak eta hauetan sartzen eta ateratzen diren pertsonak metaforen bidez adieraziak izaten dira; bizitza tren baten modukoa dela, etengabe aurrera doana eta gelditzen ez dena; gure inguruko pertsonak izarrak bezalakoak direla, nahiz eta beti ez ikusi hantxe daudenak... Ni metafora berri bat asmatzen ausartuko naiz: zuhaitzak, eta bereziki hostoak. 

Jakin badakigu, zuhaitzen inguruan egiten diren sailkapenen artean hosto erorkorrak eta iraunkorrak bereizten dituena dagoela. Honi zentzua emanez, gure bizitzatik bi motatako pertsonak pasatzen direla esan daiteke: gurekin etapa bat bizitzen dutenak, baina momentu zehatz batean alde egiten dutenak, hosto erorkorrak liratekeenak; eta aldiz, bizitza osoan, edo honetako parte handi bat, gure alboan egoten direnak, hosto iraunkorrak.

Gure bizitzetatik hosto erorkor ugari pasatzen dira, baina gutxi batzuek lortzen dute hosto iraunkor izaten. Azken hauek bereiztea nahiko erraza izaten da; nahikoa da begietara begiratzearekin, eta zelan begiratzen gaituen ikustearekin. Begiak, hain adierazgarriak diren atal horiek, gezurrik esatea ezinezkoa duten horiek.

Hosto iraunkorrek edozer gauza egingo lukete gugatik; gure zoriontasuna desiratzen dute beste edozer gauzaren gainetik. Triste gaudenean irribarre bat ateratzen saiatuko dira, hori lortzeko behar dutena axolarik izan gabe, eta irribarre hori amaigabea izan dadin euren esfortsurik handiena egingo dute. Hosto iraunkorrentzat lehenengoko ardura izango gara, eta gure presentzia hutsak beteko ditu euren bihotzak. Behar ditugunean laguntzeko prest agertuko dira, baina behar ez ditugunean ere gure alboan egongo dira. Hosto iraunkorren besarkada batek lasaitasuna transmitituko digu, eta arazorik ez dela existitzen sentiaraziko digu. Hosto iraunkorrak gure bizitzaren parte bihurtuko dira, bizitza den puzzlearen pieza beharrezkoak, hots.

Nik neuk ere nire bizitzan zenbait hosto iraunkor ditudala badakit, baina denbora pasatu ahala zuhaitz berriekin ari naiz topo egiten, eta nire hosto bilduman egotea nahiko nukeen hosto berriak agertzen ari zaizkit. 

*Izan zaitez nire hosto iraunkorretako bat...

miércoles, 9 de mayo de 2012

ATHLETIC CLUB

Goizeko 07:10ak, iratzargailuak jo eta begiak zabaldu ditut. Berehala gorputz osotik nabaritu dut sentsazio arin bat, urduritasuna. Pentsatzen hasi naiz zein egun den gaur; 2012ko maiatzaren 9a. Baina ez da egutegiko data sinple bat, ez, nire bihotzeko futbol taldeak Europako titulua irabazteko jokatzen duen partidu eguna da.

Burura etorri zaizkit orduan talde honek eman dizkidan ...momentu onak, eta baita hain onak izan ez direnak ere. Armairua ireki eta hantxe ikusi dut nire Athleticeko kamiseta. Eskuetan hartu eta berriz ere nabaritu dut urduritasun sentsazio hori. "Heldu da eguna" pentsatu dut neure golkorako. Heldu da nire bizitzako egunik onena izan daitekeena. Sukaldera joan eta gosaltzen hasi naiz, irratian Gazteakoak partiduari buruz hitz egiten zeudelarik. Orduan, marrubizko mermeladazko ogi txigortua buruz behera erori zait frakan. Hau bai hau egun polit hau hasteko primerako modua!

Baina egia esan... berdin zait, garrantzitsuena bukaera dela esaten dute; ni hau esaten dutenen alde agertuko naiz gaurko egunean, eta 22:30etan lortzen dugun emaitzak baino ez dit balio izango gaurko eguna nolakoa izan den deskribatzeko.

Eskerrik asko mutilak amets hau bizitzen usteagatik.


 *Zu zara nagusia...